Filosofia

Filosofia (grezierazko φιλος -filos- eta σοφος -sophos- hitzetatik, "jakintzaren maitasuna") gai orokor eta funtsezkoen azterketa sistematizatua da, hala nola existentziari, arrazoiari, ezagutzari, balioei, adimenari eta hizkuntzari buruzkoak. Galdera horiek askotan aztertu edo konpondu beharreko arazo gisa planteatzen dira. Iturri batzuen arabera, terminoa Pitagorasek sortu zuen (k.a. 570 - k.a. 495), nahiz eta teoria hau batzuek eztabaidatzen duten. Metodo filosofikoek zalantzan jartzea, eztabaida kritikoa, argudio arrazionala eta aurkezpen sistematikoa barne hartzen dituzte. Historikoki, filosofiak jakintza guztiak biltzen zituen, eta filosofo deitzen zitzaion hura praktikatzen zuenari. "Filosofia naturala", antzinako Indian eta Antzinako Grezian diziplina bezala hasi zena, astronomia, medikuntza eta fisika barnebiltzen zituen. Adibidez, 1687ko Newtonen filosofia naturalaren printzipio matematikoak geroago fisika-liburu gisa sailkatu ziren. XIX. mendean, ikerketa-unibertsitate modernoen hazkundeak filosofia akademikoa eta beste diziplina batzuk profesionalizatzera eta espezializatzera eraman zituen. Harrezkero, tradizionalki filosofiaren parte ziren hainbat ikerketa-arlo diziplina akademiko bereizi bihurtu dira, zehazki gizarte-zientziak, hala nola psikologia, soziologia, hizkuntzalaritza eta ekonomia. Gaur egun, filosofia akademikoaren azpieremu nagusiak hauek dira: metafisika, existentziaren eta errealitatearen funtsezko izaeraz arduratzen dena; epistemologia, ezagutzaren eta sinesmenaren izaera aztertzen duena; etika, balio moralaz arduratzen dena; eta logika, egiazko premisetatik ondorioak ateratzea ahalbidetzen duten inferentzia-arauak aztertzen dituena. Beste azpieremu aipagarri batzuk erlijioaren filosofia, zientziaren filosofia, filosofia politikoa, estetika, hizkuntzaren filosofia eta gogamenaren filosofia dira. Filosofia praktikatzen duen pertsonari filosofo deritzo.


Developed by StudentB